XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LIBURUAK.
HISTORIA DE LA LITERATURA VASCA ,Luis Michelena, Ediciones Minotauro, Biblioteca Vasca, VII, Madrid,1960.

Minotaurok liburu-sail polita agertu digu aspaldi ontan euskal gaiez, eta auxe azkenengoa.

Ots aundia atera du beronen irteerak: egunkariak beintzat asko goratu dute, eta ez arrazoi gabe nere ustez.

Ziñez, ba-genuen orrelako libru baten premia.

Utsune agiri bat betetzera etorri zaigu.

Egia da Orixe jaunak Euskal Literaturaren Edesti bat idatzi zuela Euskal Esnalean (1927 gn. urtean), baiña aldizkari baten orri-tartean galdurik dago eta ezta gaur eguneon samur arkitzen.

Mitxelena jaunak bikainki bete du bere egitekoa, berak dakian bezelaxe.

Bere liburua laburpen bat da, eta laburpen bezela ezin ziteken ez obekiago eta ez geiago ere itz gutxitan esan.

Irakurleak ba-du emen gure literaturaren gain-begiratu oso, zeatz eta orokarra, ikuspegi laburrean bada ere.

Gaiñera bertan adierazten zaio nun arkitzen diran jakingarri geiago jasotzeko iturriak.

Liburua bibliografia oparoaz orniturik dator, iritziak eta epaiak ere zuzen eta tajuz emanak daude.

Lan au 1958 gnean. azaldu zan Historia General de las literaturas Hispanicas delakoan.

Gero, uraxe bera pixka bat osatu eta borobildua, orain liburu berezi bezela azaldu da.

Ba-du liburu onek alako oztasun bat, gure artean oso gutxitan ikusten dana.

Bai, egia, ez gaude ola usatuak.

Esan nai det buru otzez eta erruki gabe salatzen dituala gure akatsak, euskaldunak eta bereziki gure agintariak kultur-gauzetarako erakutsi duten ajolakabea ta girorik eza.

Idazleen goibea neurtzean ere murritz eta ertsi azaltzen zaigu geienetan.

Oztasun au da, iñundik ere, liburuaren alde on bat.